Tenperatura handiko supereroaleen azken belaunaldia orain dela sei urte aurkitu zen. Orain material hauetaz osaturiko gailuak espazioan probatzeko prestatzen ari dira.
EEBBetako untzi-ikerketarako laborategiak (NRL) tenperatura handiko supereroaleen inguruan bi saiakuntza burutuko ditu espazioan, bata 1993. urtean eta bestea 1996. urtean. Helburua, oinarrizko ikerketa eta aplikazio-sistemen artean izaten den denbora-tartea murriztea da.
Saiakuntzen kostua 20 eta 25 milioi dolarrekoa, hurrenez hurren izango da. Lehenengo sateliteak hamabost gailu garraiatuko ditu. Gailu hauetatik gehienak irrati-uhinekin batera iritsitako mikrouhinen frekuentziak hautatzeko iragazkiak dira.
Ikertzaileen arabera, tenperatura handiko materialak erabiliz errendimendua hobetu egingo da eta energi galerak txikiagotuko. Honela, ordenadoreen, antenen eta beste sistema batzuen ezaugarriak hobetuko dira.
Ikerketa honen lehen ideia 1989. urtean sortu zen. NRLak tenperatura handiko supereroaleetan oinarritzen zen iragazki baten ezaugarriak jakin nahi zituen. Baldintza bakarrak hauexek ziren: tamainari buruz, ohizkoak baino txikiagoak izatea eta erreproduzitu ahal izatea; konkretuki bost kopia nahi ziren.
NRLko programa-buru den James Ritter jaunak “industriarentzat desafio izugarria zela ikusi genuen” esan zuen. Garai hartan, Lurreko laborategiak material supereroankorrei buruzko ikerketan murgildurik zeudenez, 35 erakunde baino gehiagok aurkeztu zuen NRLren proiektuan parte hartzeko asmoa. Azkenik 15 gailuetatik bi izan ezik beste guztiak itrio-bario-kobre oxidoko geruza meheko supereroaleak, oinarri-mota desberdinen gainean jarrita, ziren.
Lehen saiakuntzak, espazioko erradiazioak gailu bakoitzean duen eragina aztertzeko balio izango du. Hozte-sistema baten bidez 70 K eta 75 K bitarteko eragiketa-tenperatura mantenduko da. Bigarren saiakuntzaren helburua askoz ere aberatsagoa da, hots, supereroaleak erabiltzen dituzten sistemak probatzea.