Mundu mailako sumendi-erupzio baten zantzuak aurkitu dituzte Kanadako Alberta Unibertsitateko geologo batzuek. Esan dutenez, sumendi horiek eragin zuten Goi Kretazeoan ozeanoetako espezieen suntsipen masiboa, uretako oxigenoaren zati handi bat desagerrarazi baitzuten. Sedimentuetako osmio metala aztertuta aurkitu dute sumendien arrastoa. Osmioaren bi isotopoen --osmio-187 eta osmio-188-- proportzioa desberdina da lurrazalean eta mantuan; hortaz, sedimentuetan sumendi-jarduerari jarraitzeko bide ona da. Bada, mantuko proportzioan aurkitu zuten osmioa, bai Italian eta bai Hego Amerikan aztertu zituzten garai hartako sedimentuetan. Horrela jakin dute mundu mailako fenomeno bat izan zela.