Sugeen izurria

Zuhaitzetako suge marroia, boiga irregularis , arazo larriak sortzen ari da Ozeano Bareko Guam irlan.

Irlako kilometro karratu bakoitzeko 4.600 suge daude eta hondamen askoren erantzule dira. Besteak beste, Guameko 12 txori-espezie natiboetako 11 desagerterazi ditu, hamabigarrena arriskuan dagoelarik; hiru xaguzar-espezie eta musker-espezie bat ere desagerterazi ditu; 1984az gero 500 elektrizitate-etendura baino gehiago eragin ditu (elektrizitate-zutoinak eta transformadore-azpiestazioak bereziki gogoko dituzte bertan egoteko); oilo-hazkuntzaren negozioa hondamendira eraman dute; eta gainera erasokorrak eta pozoitsuak dira.

Suge hauek ez dira bertakoak; Papuasiako Ginea Berrikoak baizik eta 1950.aren inguruan iritsi ziren (karga militar batean seguruenik). Izan ere iparramerikarren baseak irlaren heren bat hartzen bait du. Sugeak arazo larriak sortzen dizkie iparramerikar militarrei makineriako zulo ilunetan ezkutatzea oso gustokoa duelako. Horrexegatik, Guametik kanpora bidaltzen den edozer gauza ondo miatu behar da sugerik ez dagoela segurtatzeko. Honek traba eta eragozpenak sortzeaz at, galera ekonomikoak ere eragiten ditu.

Zuhaitzetako suge marroia Guamera iritsi aurretik, irlan zegoen suge bakarra itsua izateaz gain kaltegabea zen.

Iparramerikar militarrak Guametik sugeak desagerterazteko plangintza bat burutu dute.

Zoologoek hala ere, ez dute uste betebeharra oso erraza izan daitekeenik.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila