Adituek diotenez, Stradivariusak dira bibolinik onenak. Horrelako beste bibolinik egitea ez omen da lortu. Hamaika lagun ibili da bibolin preziatu hauen sekretua aurkitu nahian. Azkenik, zientzilari-talde batek stradivariusei beren tinbre berezia ematen dien osagai ezkutua aurkitu diotela dirudi.
Cambridge-ko unibertsitateko kimikari-talde batek teknika berezi bat erabiliz, Antonio Stradivariusek bere musika-tresnak hauts bolkanikozko geruza batez igurtziten zituela frogatu dute.
Stradivariusek 1711.ean eginiko biolontxelo baten zatiak aztertu dituzte eta gorri-laranja koloreko berniz-geruzaren azpian, 50 mikra duen hauts bolkanikozko beste geruza bat dagoela aurkitu dute. Orain arte uste zenez, Stradivariusen osagai izkutua bernizean zegoen. Honen azpian dagoela ikusi da orain.
Biolontxeloari kendutako zati bat transmisiozko mikroskopio elektroniko baten bidez aztertua izan zen eta geruza ezezaguna aurkitu zuten. Gainera EDAX izeneko (energi barreiapenezko X izpizko espektroskopia) analisi-teknika berriaz ere aztertua izan zen. Lagina energia altuko elektroiez bonbardatzen da. Laginak orduan X izpiak igortzen ditu eta izpien uhin-luzerak neurturik osagaiak finka daitezke.
Bernizaren azpiko materialak mineralen ezaugarriak aurkeztu zituen. Aluminio, silizio, fosforo, sufre, potasio, kaltzio, titanio, manganeso eta burdinazko tontorrak ageri ziren. Tontor hauek egotearen arrazoia, puzzolana izeneko hauts bolkanikoa da. Hauts hau ugaria da Stradivarius bizi izan zen Cremona eskualdean. Irudiko espektroetan argi eta garbi ikusten da hori.
Uste denez Stradivariusek puzzolana uretan disolbatuz eta arrautz zuringoaren moduko itsaskari bat erabiliz orea egiten zuen eta hau bere musika-tresnetan igurtziten zuen.
Puzzolana gaur egun kalitate handiko zementua egiteko erabiltzen da. Karez nahasten bada, Portland zementua baino hobea den oso material iraunkorra lortzen da.