1999. urterako itsasuntzietan sorospen-sistema berri bat erabili ahal izango dute EEBBetako itsasuntziek. Sorospen-mekanismoen funtzionamendua integratzeko eta hobetzeko lehen urratsa izango da; bigarrena izan ere, erabiltzaileen ohiturak aldatzea izango dela dio Itsas Segurtasunerako Batzordeak.
Gaur egun, sorospen-guneetan jasotzen diren larrialdietako deien %90 sistemaren akatsen batek sortuak direla dio Batzordearen txostenak. Horrek egiazko larrialdiren bat gertatzean sorospen-sistemak ez direla behar bezain eraginkorrak izango pentsarazten du eta praktikan, horrela gertatzen da kasu askotan.
Akats hori berriro gerta ez dadin, sorospen-sistema berria diseinatu dute eta hurrengo urterako erabilgarria izango dela espero dute. Sistema berriaren ekarpenik garrantzitsuena telekomunikazio-mekanismoen osoko erabilpenean datza. Itsasuntziren batek larrialdietako mezurik igorri behar badu, hiru sistema desberdin batera erabil ahal izango ditu: irrati-bidez igorriko da lehen seinalea, satelite-bidez bigarrena eta hirugarrena uraren presioa erabiliz bere kaxa aktibatuko den baliza izango da. Horrez gain, hiru sistemak integraturik dituen mekanismoa erabat automatizaturik egongo da.