Sonarra distantziaren arabera egokitzen du izurdeak

Izurdeak sonarra erabiltzen duenean oihartzunak zergatik ez duen gortzen ikusi dute Hawaiiko Unibertsitateko ikertzaile batzuek: objektu batera gerturatu ahala, bolumen baxuagoko klik-ak igortzen ditu, bueltan jasotzerakoan belarriak ez hondatzeko.

Izurdeak soinu bat igorri eta oihartzuna jaso ondoren bidaltzen du hurrengoa. Hala, oztopo edo harrapakin batera hurbildu ahala gero eta sarriago igortzen du soinua.

Dirudienez, izurdeak ezin ditu belarriak soinuaren bolumenera egokitu, saguzarrak bezala, horregatik, oztopora hurbildu ahala, bolumen baxuagoa erabiltzen du, eta uhina bueltan datorrenean ez ditu izurde igorlearen belarriak kaltetzen.

Ondorio horretara izurdaren sonarraren soinuak grabatzen ari zirela iritsi dira. Hidrofonoak edo uretako mikrofonoak erabili dituzte horretarako. Eta izurdea hidrofonora hurbildu ahala, bide erdia egiten duen bakoitzeko bolumena sei dezibelio jaisten duela neurtu dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila