Soinu-uhinen bidez, partikulak lebitatzea eta nahieran mugitzea lortu dute

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

soinu-uhinen-bidez-partikulak-lebitatzea-eta-nahie
Likido tanta bat uhin akustikoen bidez lebitatzen Arg. Dimos Poulikakos

Soinu-uhinak erabiliz, partikula txikiak eta likido-tantak lebitarazteaz gain airean nahi bezala mugituaraztea lortu dute Suitzako Teknologia Institutu Federaleko (ETHZ) ingeniariek. PNAS aldizkarian argitaratu dute teknika berria.

Lebitaziorako elektromagnetismoa erabiltzea da ohikoena. Baina horrek metalentzat edo material magnetikoentzat bakarrik balio du; ur-tanta bati, adibidez, ez dio eragiten. Soinu-uhinek, berriz, ez dute arazo hori, eta horregatik, aspalditik ari dira ikertzaileak soinu-uhinen bidezko lebitazioarekin lanean. Kontzeptua sinplea da: goruntz igortzen diren soinu-uhinak gainazal batean islatu eta beherantz joaten dira bueltan. Horrela, goruntz eta beheruntz doazen uhinek elkar ezeztatzen dute erdiko puntu batean, eta puntu horretan objektu bat “harrapatu” daiteke, uhinek goruntz eta beheruntz bultzatzen baitiote aldi berean.

Orain arte ez du aplikaziorik izan teknika horrek, lor zitekeen bakarra objektuak puntu batean  eustea baitzen. Orain ordea, ikertzaile suitzarrek lortu dute objektuak mugituaraztea. Soinu-uhinak igortzen dituzten hainbat plataforma jarri dituzte elkarren ondoan, eta bakoitzak igortzen duen frekuentzia aldatuz lortu dute objektuak nahi bezala mugitzea. Baita bat baino gehiago ere aldi berean, bata bestearen kontra, adibidez.

Ikusi bideo honetan sodioaren eta ur-tanta baten arteko erreakzioak airean:
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila