Pasa den uda honetan lagun asko hil da Alpe Mendietan euriteen ondorioz gertatutako luizien kausaz. Aldatzetan behera jauzitako oldeek, mendiaren edertasunaz gozatzen zebilen hamaika bizitza eraman du berekin. Ustekabeko luizi hauek, skiatzeko pistak zabaltzeko egiten diren zuhaitzak botatzeagatik gertatzen omen dira. Aldatz handitan dauden arbolek, beste zenbait funtzioren artean, lurrari eusten diote. Arbolak falta direnean, lurrak heldulekurik ez du eta orduan euriteen ondorioz bigundu eta maldan behera joan daiteke. Zuhaitzak botata, gaineko lur-geruza babesik gabe galditzen da alegia.
Alpe Mendietako basoak bi gaitzek jota daude. Alde batetik, skia oso kirol herrikoi bihurtuta gero eta pista gehiago behar izan da kontsumitzaileen eskaerari erantzun ahal izateko. Horren ondorioz ehundaka kilometro karratu baso bota izan da azkeneko hamar urteetan. Zenbait datu, adierazgarri dira. Austrian 5800 km trenbide dagoen bitartean, 6000 km ski-pista dago.
Bestetik, zuhaitzak poluzioak jota daude. 1986.ean egindako azterketa batek aditzera eman duenez, 60 urte baino zaharrago diren zuhaitzen bi heren poluzioak kaltetuta zeuden ia osorik. Baso-zientzilariek esaten dutenez, kaltetutako zuhaitz hauek ordezkatzea oso zaila gertatzen da ingurugiroaren laztasuna dela kausa.