Enbrioien zelula amekin egiten diren ikerketa gehienak ezingo dira aplikazio terapeutikoetan erabili. Izan ere, sistema immuneak zelula amen aurka egingo duela susmatzen dute ikertzaileek. Hala ikusi dute laborategian: odoleko serumarekin batera zelula amak emanez gero, antigorputzak zelulei lotzen zaizkie.
Sistema immuneak horrela erantzutea oztopo larria da zelula amekin ikertzen dutenentzat. Nonbait, zelula amak hazten diren moduagatik sortzen da arazoa. Ikertzaileek Petri-ren kaxetan hazten dituzte giza zelula amak. Kaxa horietan zelula amek hazteko behar dituzten mantenugaiak eta zelulak daude, eta zelula horiek saguenak izaten dira normalean. Kontua da sagu-zelulek gizakietan errefusa eragiten duen molekula bat dutela, eta molekula hori hartu egiten dutela zelula amek. Beraz, zelula amek hartu duten molekula arrotzaren aurka erreakzionatzen du sistema immuneak.
Lehendik ere ikertzaileak susmatzen zuten zelula amak animalia-jatorriko mantenugaiekin eta zelulekin hazteak arazoak ekarriko zituela. Orain, arazoaren muina zein den jakin dute, eta badakite horrela hazitako zelula amak ezingo dituztela terapian erabili. Horrek ez du esan nahi, ordea, erabat baztertu behar direnik, oinarrizko ikerketarako balio baitute. Bestetik, zelula amak hazteko kondizio onenak zein diren ikertzen jarraituko dute.