NASAk Marten dituen ibilgailuetako batek, Spirit izenekoak, silizezko harkaitz bat aurkitu du. Aurkikuntza kasualitatez gertatu da. Spirit-en gurpil bat hondatuta dago, eta atzerantz mugitzen denean blokeatu egiten da; horregatik, atzeranzko ibilbidean Marteren gainazaleko ohiko hauts gorrixka kentzen du. Joan den apirilean, harri-geruza zuri bat azaleratu zuen blokeatutako gurpilak, eta NASAko astronomoek zer zen aztertzea erabaki zuten. Ibilgailuak harri-puska bat txikitu eta analizatu zuen. Silizea zen.
NASAko astronomoen esanean, silizea aurkitzea garrantzitsua da, zerikusia izan baitezake garai batean Marten mikrobioak egotearekin. Lurrean, silizea fumaroletan eta beste gune bolkaniko batzuetan sortzen da, eta biologoek frogatu dute horrelako tokietan hainbat mikrobio bizi daitezkeela. Hortaz, NASAko astronomoek bi ideia horiek lotu dituzte: silizea sortzeko moduko guneak baldin badaude Marten, litekeena da gune horietan mikrobioak bizi izana.