Atlantako Emory Unibertsitatean, nolabaiteko ahaidetasuna aurkitu dute sifilisa eragiten duen Treponema pallidum bakterioaren eta Hego Amerikan yaws gaixotasuna eragiten duen Treponema pertenue bakterioaren artean. Horrek adierazten du litekeena dela sifilisak Amerikan izatea jatorria.
Hain zuzen, gizakietatik ateratako hogeita bi Treponema laginen geneak konparatu zituzten. Horietako bi yaws gaixotasunaren agerraldi baten eraginpean dagoen Guyanako herri batean bildu zituzten. Zoritxarrez, bero tropikalaren eraginez, nahiko kaltetuta zeuden bi lagin horiek, eta genomaren zati batzuk baino ezin izan zituzten lortu. Hala ere, lortu zituztenen artean, Treponema espezieak elkarrengandik bereizteko erabiltzen dituzten 17 base-pareak zeuden. Izan ere, oso aldakortasun handia dute base-pare horietan: espezie gehienek ez dute base-pare horietako bakar bat ere komunean, eta, izatekotan, base-pare bakarra dute berdina.
Aztergai zituzten bi espezieetan, aldiz, 17 base-pare horietako lau berdin-berdinak ziren. Horrek pentsarazi die zientzialariei ahaidetuta daudela, eta sifilisaren bakterioa beste bakteriotik sortu dela.
Dena den, oraindik ez dute horrelakorik baieztatu nahi, oso informazio genetiko gutxi konparatu ahal izan dutelako, eta ez dakitelako zer eboluzio genetiko izan duten batek eta besteak. Ikerketa gehiago egin arte itxaron beharko dute.