Lehenengo aldiz, eta ugalketa sexualaren arauak hautsita, sexu bereko bi gurasoren kumeak sortzea lortu dute, saguetan. Ingeniaritza genetikoa erabili behar izan dute ugalketa sexualak ezartzen dituen mugak saihesteko, baina emaitza hor dago: kume osasuntsuak jaio dira, eta helduaroan normaltasunez ugaltzeko gai direla ikusi da.
Txinako Zientzia Akademiako ikertzaileek egin dute lana, eta Cell Stem Cell aldizkarian argitaratu dute. Hori bai, sagu emeen kasuan bakarrik lortu dute. Bi arren material genetikotik abiatuta saiatu zirenean, jaio eta handik 48 ordura hil ziren kumeak.
Beste animalia-espezie batzuk gai dira ugalketa asexualaren bidez ugaltzeko –esaterako, narrastiak, anfibioak eta arrainak–, baina, ugaztunon kasuan, derrigorrezkoa da eme baten eta ar baten informazio genetikoak batzea. Izan ere, inpronta genetikoak ematen dira. Alegia, enbrioiak jasotzen dituen gene gehienetan aitaren zein amaren aleloak berdin aktibatuta dauden arren, gene jakin batzuetan bietakoren bat aktibatuta eta bestea inaktibatuta egoten dira. Hala, derrigorrezkoa da bat aitarengandik eta bestea amarengandik jasotzea; bestela, gene batzuetan bi aleloak inaktibatuta egoteak garapenean-arazo larriak eragiten ditu.
Ikerketan, zelula germinalak erabili beharrean, zelula ama enbrionario haploideak erabili dituzte (kromosoma-kopia bakarrekoak, zelula germinalak bezalaxe). Haien kromosometan markatutako 3 eremu ezabatu dituzte, inpronta genomikoaren arazoa ekiditeko, eta aurretik nukleoa erauzitako obulu batean txertatu dute material genetikoa.
Zientzialarien arabera, ikerketaren helburua ez da, inolaz ere, halako teknikak gizakiekin erabiltzea, anormaltasun-arriskua handiegia baita, baizik eta ugaztunen ugalketa nolakoa den hobeto ezagutzea. Oraingoz, inprontaren tamainari neurria hartu diote: 100 inpronta-marka inguru antzeman dituzte, asko eta asko enbrioien garapenari eragiten diotenak.
Elhuyarrek garatutako teknologia