Bai animaliengan eta bai gizakiongan, sexu ezberdinak genetikoki ezberdinak dira. Arraren bereizgarri den Y kromosomak emearen X kromosomak baino 100 aldiz informazio gutxiago darama, eta hiru aldiz txikiagoa da. Baina garai batean bikote hau ez zen hain ezberdina. Howard Hughes Institutuko David Page biologoak eta Chicago-ko Unibertsitateko Bruce Lahn genetistak kromosomaren eboluzioan zeharko ADN-sekuentziak aztertu dituzte eta antzinako narrastiengan kromosoma bakarra zegoela aurkitu dute.
Espezie hauengan, gaur egungo dortoka eta krokodiloen kasuan gertatzen den bezala, sexua arrautzen inkubaketa-tenperaturak erabakitzen zuen. Duela 300 milioi urte, ugaztunak hegaztiengandik bereiztu zirenean, mutazioa sortu zen eta ondorioz arra sortzearekin loturik dagoen genea sortu zen; orain arte iraun duena, hain zuzen.