Sekretupeko informazioa

Gobernuko ikerketa-talde baten aurka egunkarietan egindako salaketak direla eta, ikerle frantsesek sekretu medikoa zaintzen duten legeak aldatzea eskatu dute.

Arazoa, Parisko unibertsitateko zientzi ikerketarako zentru nazionalean (CNRS) dagoen Pierre Roubertoux-en laborategian Christian Capron-ek, Michel Duyme-k eta Michele Carlier-ek burututako azterketa baten inguruan sortu da. Aita berarengandik intseminazio artifizialez sorturiko haurrengan sortze-bide honek adimenean dituen jaiotze aurreko edo ondoko eraginak aztertu ziren, arazo psikologiko edo neurologikoak aurkitu asmoz. Arazo hauek xaguen kasuan aurkitu dira.

Capron-en taldeak, Sacha Geller-en esperma-banku pribatutik intseminazio artifizialez sorturiko 120 haurren izenak lortu zituen. Geller-en zentruan ordezko amak eskaintzen dira eta lesbianei zein harreman sexualik gabe ama izan nahi dutenei intseminazio artifizialaren bidea aholkatzen zaie. CNRSko taldeak, intseminazio artifizialez jaiotako 120 haurren eta bikoteengandik jaiotako 3.600 haurren adimenak aztertu zituen.

Joan den abenduan L’ Express aldizkariaren arabera arestian aipatu ikerlariek hiru arau apurtu zituzten. Arau hauek honakoa diote: batetik, medikuek medikuei bakarrik komenta diezazkiekete gaixoei buruzko gorabeherak, beti ere informazioa helburu terapeutikoekin erabiltzen bada; bestetik, datuak konfidentzialak dira, eta azkenik, inori buruzko informazioa ematekotan, pertsona horren baimena behar da.

CNRSko zuzendarietako bat den Claude Paoletti-k dioenez, aipatu arauek ikerlariak erabat lotzen dituzte.

Eztabaida honek luze iraungo du eta beste estatu batzuetara zabalduko da.

Pertsonekiko datuen sekretua oinarrizko eskubidea da, baina datu hauek espezialistengana iristen ez badira, nola aurreratu osasun-zientzian?

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila