Aurtengo urtarrilaren 25ean errusiarrek satelite meteorologikoa ipini zuten orbitan; Meteor III-7 izenekoa, hain zuzen. Bertan Frantziako CNRS erakundeak prestatutako “Scarab” izeneko aparatua eraman zen espaziora, Lurraren energia neurtu ahal izateko.
Gure planetak erradiadorearen gisa jokatzen du eta espazioko huts izoztura beroa igorriz hoztu egiten da. Eguzkitiko energiak ordea, berotu egiten gaitu. Baina zurgatutako Eguzki-erradiazioen eta igorritako erradiazio infragorrien arteko batezbestekoa nolakoa da? Zer-nolako eboluzioa du?
Atmosferako poluzioak kliman izan dezakeen eragina jakiteko galdera hauei erantzutea interesgarria da, baina horretarako sistema bakarra atmosferako goiko geruzetan energi trukeak zehatz-mehatz eta denboraldi batean zehar (gora-beherak detektatuz) neurtzea da.
1990. urteaz gero, Lurraren erradiazio-balantzerik ez da satelitez neurtu, baina Scarab aparatuak zorionez hutsune hori beteko du. 1995.ean dira beste bat orbitan jartzekoak eta 1997.ean ipiniko dute hirugarrena.