Voyager espazio-ontziak Saturnoren G eraztuna lehenengoz erakutsi zienetik, eraztun horren jatorria ezagutu nahian dabiltza astronomoak. Ezagutzen diren beste eraztunak Saturnotik edo haren sateliteren batetik gertuago daude, eta, hortaz, horien jatorria planetarekin edo dagokion satelitearekin lotzen dute. G eraztuna, ordea, Saturnotik 168.000 kilometrora dago, eta gertueneko satelitetik 15.000 kilometrora; urrunegi eraztunaren sorrerarekin zuzenean lotu ahal izateko, adituen esanean.
Orain, Cassini ontziak eraztunaren egiturari buruzko datu berriak jaso ditu; besteak beste, gorputz izoztuz osatua dagoela erakutsi du, zentimetro batzuetatik hasi eta metro baterainoko materialez, hain zuzen ere. Astronomoek espero dute datu horiekin G eraztunaren jatorria argitzetik gertuago egongo direla.