SARS-CoV-2 birusa detektatzeko test bat baliozkotu du Euskal Herriko zientzialari-talde batek

Proba fidagarria eta azkarra da, eta ez du kit komertzialik behar

sars-cov-2-birusa-detektatzeko-test-bat-baliozkotu
Arg. Ugo Mayor, EHU

SARS-CoV-2 birusa detektatzeko test berri bat doitu du EHUko, Ikerbasqueko, Achucarroko eta Biofisika Bizkaia Fundazioko ikertzaile-sare batek, BioCruces eta Bioaraba Institutuetako ikertzaileekin batera, RT-PCR test bat doitzea lortu du SARS-CoV-2a detektatzeko. Proba fidagarria eta azkarra da; eta ez du kit komertzialik behar, hortaz, beste test batzuek dituzten horniketa-arazoetatik kanpo dago. Hala, baliagarria izan liteke diagnostiko-test gehiago egin ahal izateko, OMEk aholkatu bezala.

Material genetikoaren kantitate oso txikiak, kasu honetan birusarenak, anplifikatzeko teknika da PCRa. RT-PCR aldaerak material genetikoaren detekzio kuantitatiboa egiten du, eta, hortaz, aukera ematen du kutsatuak eta birusik ez dutenak bereizteko.

Konfinamenduko lehenengo astean abiatu zuten teknika doitzeko lana, eta abiadura bizian egin dute. 55 ikertzaileko talde bat aritu da lanean. Bigarren astean, 6 euste-laborategi egokitzea lortu zuten EHUko Maria Goyri Bioteknologia Zentroan, Leioa-Erandio Arean. Martxoaren 27an Osakidetzak dagoeneko diagnostikatutako lehenengo laginak jaso zituzten Euskal Biobankutik. Protokoloak doitzen 10 egun eman ostean, lortu dute detekzio-testak % 92ko sentikortasuna eta % 100eko espezifikotasuna izatea. Sentikortasunak kasu positiboak detektatzeko gaitasuna adierazten du, eta espezifikotasunak, berriz, probaren fidagarritasun-maila, alegia, zenbateraino emango dien emaitza negatiboa infektatuta ez dauden pertsonei.

Egindako kalkuluen arabera, detekzio-probak 15 € inguruko kostua izan lezake, eta 4 ordu baino gutxiagoko tartean egin ahal izango litzateke. Eta beste ikerketa-zentro askotako laborategietan egin ahal izango lirateke probak, baita ospitaleetan ere.

Ekimenaren koordinatzaile Ugo Mayor (EHU) ikertzailearen iritziz, “ordezko test hau auzolanean garatu izanak ikerketaren eta zientziaren balioa nabarmentzen du, baita bi horiek gizartearen ongizatean izan dezaketen inpaktu erreala ere, dagokion babes instituzionala izanda”.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila