2019-2020ko neguko Twitterreko txioak aztertuta, ikusi dute COVID-19a bazegoela Europan zabalduta, osasun-sistemak identifikatu aurretik ere. Pneumonia aipatzen zuten txio ugari idatzi zen garai hartan; batez ere, gerora gaixotasunaren puntu beroak izango ziren herrialdetan. Beraz, Europako gobernuak birusa garaiz detektatzetik zer urrun zeuden erakusteaz gain, agerian geratu da sare sozialak gaitzen agerpena eta hedapena goiz detektatzeko baliagarriak izan daitezkeela. Lanaren egileek adierazi dute badagoela zaintza digitaleko sistema integratu bat ezartzeko premia, eta kutsatze-kateak geolokalizatzen lagundu dezakeela uste dute.
Ikerketan, "pneumonia" hitza duten txio guztiak bildu dituzte datu-base batean, COVID-19aren sintomarik agerikoena eta larrienetakoa baita pneumonia. Baina 2020ko urtarrilaren 21aren aurreko txioek bakarrik balio izan dute monitorizazio epidemiologikoa egiteko, hortik aurrera, hedabideetan COVID-19ak hartu zuen oihartzunaren ondorioz, ezin baitziren bereizi pneumonia-kasu errealak eta COVID-19arekiko kezka azaltzen zuten txioak. Beraz, pandemiaren informazioa hedabideetan zabaldu aurreko txiolarien kokapena identifikatuta, COVID-19aren agerraldi goiztiarren mapa epidemilogikoa osatu dute ikertzaileek.
Kasu honetan, Europar Batasunean gehien hitz egiten diren zazpi hizkuntzetako txioez egin dute ikerketa: ingelesa, alemana, frantsesa, italiera, gaztelania, poloniera eta nederlandera. Jarraipena hizkuntza gehiagotan egin beharko litzateke, ordea, zaintza digitaleko sistema integratuagoa lortzeko. Gainera, nazioarteko osasun-erakundeek kudeatu ahalko lukete zaintza-sistema, hobeto koordinatzeko hasierako agerraldiari ematen zaion erantzun sanitario, politiko eta sozioekonomiko orokorra. Murrizketa-neurriak noiz eta zer eskalan hartu erabakitzeko erreminta baliagarria izan daiteke, beti ere, bestelako zaintza-sistemekin osatuz. Adibidez, hondakin-uren jarraipena, etxez etxeko inkestak eta komunitatean oinarritutako bestelako zaintzak.
Hori bai, ikertzaileek ohartarazi dute zaintza digitaleko edozein sistema osasun publikoko erreminta gisa erabili aurretik, datuak babesteko neurri arautzaileak finkatu beharko liratekeela, ez daitezen urratu pribatutasuna eta bestelako eskubide zibilak.
Elhuyarrek garatutako teknologia