Bruselako Unibertsitate Libre-ko Francis Heylighen-ek, adimen artifizalean adituak, Internet etorkizuneko sare global adimentsuaren ernamuina besterik ez dela adierazi du.
Heyligenek "burmuin adimentsu" bataiatu duena Internet sarean pilatzen ari den informazio-kantitate ikaragarria kudeatu eta antolatu beharrak sortuko du.
Gaur egungo bilatzaile eta web-orrialdeek ezin dute funtzio hori bete eta, horregatik, metodo eraginkorragoak garatu beharko dira. Esaterako, Estatu Batuetako Los Alamos laborategian garatzen ari diren DKS (Distributed Knowledge Systems) sistema. Sistemak, erabiltzailearen beharren arabera, Principia Cibernetica Webguneko orrialdeen arteko loturak etengabe berrantolatzen ditu; hau da, sistemak internautak erabili nahi izango dituen loturak aurreikusi eta horietarako bidea irekitzen du. Aldi berean, erabili ez izanaren poderioz zaharkituta geratu diren loturak deuseztatzen ditu.
DKS sistema, beraz, erabat dinamikoa da. Giza neuronen funtzionamendua imitatuz, programako algoritmoek lotura erabilienak indartu eta besteak baztertu egiten dituzte. Aldi berean, erabiltzaileak lehenago bisitatutako web-orrialdeak identifikatuko ditu eta informazio hori erabiltzailearentzat interesgarriak izan daitezkeen helbideak gomendatzeko, webaren egitura haren beharretara egokitzeko, zeharbideak bilatzeko, etab.etarako erabiliko du. Azken finean, erabiltzailearen araberako webgune erabat malgua.
Heylighenek printzipio bera Internet sare osoan aplikatzea proposatzen du, hots, World Wide Web sistema osora hedatzea. Horrela, World Wide Web sistemak une oro bere burua berrantolatu egingo du eta eraginkorragoa, azkarragoa eta fidagarriagoa bilakatuko da. Bilatzailez gain, sareak agente deritzon programa autonomoak izango ditu, informazioa bilatzeko balioko dutenak. Heylighenek adierazi duenez, halako sistema osatzeko teknologia prest dago jadanik eta, agintariek onartuz gero, 5 urtetan martxan jar liteke. Izan ere, hor dago guztiaren gakoa. Mundu osoan banatutako milioika ordenagailuk zizelatutako "burmuin global" horrek zer emango duen ezin baitaiteke aurrez jakin. Eta, bestela ere, horrelako zerbait nahi al dugu? Izan ere, gehienek egiten dutenaren arabera zer ikusi edo entzun behar dugun aginduko digun diktadore digitalik ez genuke sortu behar.