Australiako kostaldean hildako sardinak nonahi ageri dira. Biologoek ezin izan dute gaurdaino argitu hildako sardinen misterioa. Gertakaria argitu asmoz, Port Lincoln-eko Itsas-Institutuan lanean jo eta su ari dira, baina orain arte ez dute deus ere lortu.
Australiako sardinak zerk erasotzen dituen ez daki inork. Dena delako horrek sardina helduak hiltzen ditu, 12 cm ingurukoak. Izurritea azaldu bezala desagertu egiten da hiruzpalau egunen buruan. Alabaina, ez du egun horietan sardina heldurik bizirik uzten.
Lehen hipotesien arabera, sardinek jaten duten algaren bat omen da sarraskiaren eragilea. Hipotesi horrek, ordea, ez du azaltzen erasoaren selektibotasuna; hau da, zergatik hiltzen dituen sardina helduak eta ez ale txikiagoak edota espezie bereko gainerako arrainak.