Salmonella spp. eta beste bakterio batzuk ordubete baino gutxiagoan hautemateko aukera ematen duen gailu azkar eta merke bat garatu du IK4 Teknologia Aliantzak. Ohiko laborategi bat txip baten barruan miniaturizatuta du gailuak. Salmonellosia detektatzeaz gainera, beste hainbat aplikazio izan ditzakeela esan dute ikertzaileek. Gailuaren abantaila nagusietako bat da oso azkar egiten duela analisi-prozesu osoa, ohiko laborategietako prozedurek baino dezente azkarrago. Besteak beste, zuzenean erabiltzen ditu laginak, aldez aurretik tratatu beharrik gabe, beste teknika batzuek ez bezala.