Sahararen joan-etorriak

Oro har, Lurreko basamorturik handiena den Sahara handitzen edo zabaltzen ari dela onartzen da.

Hala ere, Estatu Batuetako azterketa batek, NASAko C. I. Tucker eta lagunek zuzendurikoak, Sahara 1984.az geroztik txikiagotu egin dela adierazten du. Orbita polarrean dauden meteorologi sateliteek 1980. eta 1990. urte-bitartean bildutako datuen arabera, Sahararen gainazalaren eboluzioa honako hau izan omen da:

1980. urtean 8.633.000 km2
1984. urtean 9.992.000 km2
1990. urtean 9.269.000 km2

Sahara antzu eta erdiantzuaren arteko muga aldatuz joan da azken 10 urteotan. Hau dela eta 1980. eta 1984. urte-bitartean basamortuak 240 km hegoalderantz egin zuen. Baina 1984. eta 1986. urte-bitartean basamortuaren mugak 143 km iparralderantz egin zuen. 1987. urtean mugak hegoalderantz egin zuen bitartean 1988. urtean iparralderantz egin zuen. Azkenik 1989. eta 1990. urteetan muga hegoalderantz higitu zen.

Tucker eta lagunen arabera, mugaren higikortasuna une bakoitzean egindako euri-kantitatearen araberakoa omen da.

Hala ere, emaitza argiagorik izateko hamarkada batzuek igaro beharko dute, bitartean datuak bildu ahal izango direlarik.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila