Saguzarrak eta pertsona itsuak

Saguzarrak ez dira itsuak, askok hala uste arren, baina ekolokazioaz baliatzen dira gauez ikusteko. Orain, pertsona itsuentzat baliatu dute sistema hori.

Kontua da saguzarrek ultrasoinu-pultsuak sortu eta bidaltzen dituztela eta, horien oihartzuna jasotzean, inguruan dutenaz jabetzen direla. Sistema hori RADARa eta sonarra sortzeko inspirazio-iturri izan zen eta orain pertsona itsuak inguruaz jabetzeko bide bilakatu da. Izan ere, ultrasoinu-pultsuak igorri eta jasotzen dituen itsuen makila garatu dute. Makilak 60.000 pultsu bidaltzen ditu segundoko eta, itsuak, makilak dituen lau kuxin txikiren bidez, eskuan sentitzen du ultrasoinuen oihartzuna; seinaleak zenbat eta azkarragoak eta nabarmenagoak izan, orduan eta hurbilago dago bideko oztopoa.

Horrela, hiru metroko distantziaren barruan dagoenaren hiru dimentsioko irudia jaso dezake itsuak.

Aurrez trebakuntza txiki bat jasotako 25 lagunekin egin dituzte probak eta asmakizuna salgai jartzeko asmoa dute, 635 € inguruan.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila