Sagutxo mutanteek ez dute amaren beharrik sentitzen

Ikerketa batean ikusi dute morfinaren garuneko errezeptorerik gabe sagutxoek ez dutela amaren falta sentitzen.

Sagu jaioberriek amaren behar handia dute, itsu, gor eta gose jaiotzen baitira. Beraz, ama ez badago, garrasika hasten dira. Baina ikerketa batean ikusi dute morfinaren garuneko errezeptorerik gabe sagutxoek ez dutela amaren falta sentitzen.

Ondorio horretara iristeko, morfinaren errezeptorerik gabeko sagu batzuk sortu dituzte mutazioz ikertzaileek, eta haien jokaera eta sagu arruntena alderatu dituzte. Beren habiatik atera eta habia berri batera eramandakoan, zortzi eguneko sagu arruntek garrasi egiten dute etengabe. Habia guztiz berria izan beharrean amaren usaina duen batera eramanez gero, askoz garrasi gutxiago egiten dute.

Mutatutako saguek, berriz, ez dute garrasirik egiten ez habia erabat berrietan ez usaindun habiatan jarrita. Baina ez da erreakzionatzeko gaitasuna edo usaimena galdu dutelako: inguruan sagu ar mehatxatzaileak jarrita, sagu arruntak baino are gehiago beldurtzen dira.

Ikertzaileek uste dute ikerketa lagungarria izan daitekeela nahaste afektiboak eta drogekiko menpekotasunak argitzeko bidean.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila