RNA Biology zientzia-aldizkariak jasotako ikerketak Wikipedian agertuko dira. Izan ere, aldizkariak eta RNA familia datu-baseak (Rfam) elkarlanean aritzeko hitzarmen bat egin dute, RNAri buruz egiten diren ikerketen informazioa biltzeko. RNA Wikiproject deitu diote, eta, horren bidez, aldizkarian argitaratzeko artikulu bat jasotzen dutenean, lanaren laburpen bat Wikipediara bidaltzeko eskatuko diote egileari. Horrez gain, aldizkariak lana berrikusiko du, Wikipedian argitaratu aurretik. Gero edonork editatzeko aukera izango badu ere, ez dute uste jende asko ibiliko denik informazio okerra sartzen.