Puxika arrainaren genoma: arbasoetatik gizakiarengana

td class="art-testua" valign="top">

Dozena bat espezieren genomak deskodetu dituzte dagoeneko. Zerrenda horri Tetraodon nigroviridis puxika arrainaren mapa genetikoa gehitu zaio orain. Arrain horren genoma beste animalienarekin alderatuz, genomen eboluzioaren gaineko informazio garrantzitsua lor daiteke.

Ornodunen artean, puxika arraina da genomarik txikiena duen animalia. Arrain horren zelulek gizakienek baino zortzi edo bederatzi aldiz DNA gutxiago dute. Ezaugarri horrek genetikarien lana zertxobait erraztu badu ere, sekulako ikerlana gauzatu dute, zehaztasun handiko mapa genetikoa plazaratu baitute.

Eboluzioan atzera eginez, puxika arrainak eta gizakiak arbaso berbera dute: duela 450 milioi urte inguru bizi izan zen ornodun bat. Puxika arrainaren genomaren sekuentzia gizakiarenarekin konparatu dute, eta, bien arbasoaren genoma nolakoa izan zitekeen proposatu dute. Ikertzaileen ustez, desagertutako arbaso horrek 12 kromosoma-pare besterik ez zuen.

Eboluzioan gizakiarengandik aldendu ondoren, puxika arrainaren genoma osoa bikoiztu egin zen. Dena den, bikoizketaren ondoren sobran zegoen ADN asko deuseztatu zen. Hori horrela izanik, ikusi dute gizakiaren kromosoma-gune bakoitzak Tetraodon-en biekin egiten duela bat. Horretaz gain, puxika arrainaren genoma gizakiarenarekin alderatuz, aurrez inork erreparatu ez zien 900 giza gene aurkitu dituzte.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila