Konposite erresistenteak are eta gogorragoak egiteko modua aurkitu du Massachusetts Institutuko ikertzaile-talde batek. Konpositeetako karbono-zuntzak karbonozko nanohodi mikroskopikoekin biltzen badira gogorragoak bilakatzen direla ikusi dute. Karbonoa material oso erresistentea eta gogorra da, eta maiz erabiltzen da hegazkinetako egiturak eraikitzeko. Dena den, hegazkinen piezetarako egituretan, esaterako, karbono-zuntzek badute ahulezia bat: ingeniariek karbono-zuntzak epoxi erretxinekin tartekatzen dituzte geruzatan, eta horrek ahultasun-puntu bat ematen dio egitura osoari. Hortaz, egitura horiek ez dira gai tentsio handiak jasateko, eta litekeena da geruzen arteko haustura gertatzea.
Haustura horiek ekiditeko, hobekuntza bat proposatu dute Massachusetts Institutuko ikertzaileek. Prozesu kimiko bat garatu dute. Prozesu horretan, karbono-zuntzak 750 ºC-an berotuz nanohariak azkar hazten direla ikusi dute. Hari horiek ehundu egiten dituzte, eta epoxi erretxina txertatzen diete. Hortaz, geruzak elkarren artean lotuta mantentzen dira. Hain zuzen ere, velcro-efektua lortzen dute.
Material berri hori egun existitzen diren konpositeak baino hamar aldiz erresistenteagoa da. Ikertzaileen esanean, aurrerantzean egingo diren hobekuntzek material berriaren indarra areagotuko dute.