Eztabaida sutsua dago pterosauroen inguruan. Dinosauro handi horiek hegoak zituzten, baina ez dago argi hegan egin zezaketen ala ez, oso animalia pisutsuak zirelako. 2009an, zenbait adituk argudiatu zuten ezinezkoa zela, eta, argitaratu berri den ikerketa baten arabera, aldiz, ez dago zalantzarik pterosauroek hegan egiten zutela.
Pterosauroen fosil gutxi daude, baina hezur horiek kontuan hartuta, onartuta dago ehunka kiloko animaliak zirela. 2009an, Japoniako eta Frantziako paleontologo-talde batek kalkulatu zuen 41 kilo baino animalia handiago batek ezingo zuela hegan egin. Kalkulu hori gaur egungo hegaztien datuekin konparatuta egin zuten, eta, emaitzak argitaratu zituztenean, aldeko eta kontrako iritzi asko sortu ziren.
Portsmoutheko Unibertsitateko Mark Witton eta Pittsburgheko Unibertsitateko Michael Habib paleontologoek fosilen erregistrora jo zuten, eta pterosauroen datu deigarri bat aurkitu zuten: animalia horien humeroak oso hezur indartsuak ziren hegaztienekin konparatuta; proportzioan izan beharko lukeenaren bikoitza, hain zuzen ere. Horregatik, proposatu dute, hegaztiek ez bezala, pterosauroek lau gorputz-adarrak erabiltzen zituztela hegaldiari ekiteko: bi hankak eta hegalak. Hegaldiaren hasieraren eredu bat sortu dute 250 kilogramoko pterosauro batentzat, eta, kalkuluen arabera, hegan egiten zuen.
Ideia hori indartzen du itsaso zabaleko sedimentuetan aurkitutako fosil batek; hegal-punta batetik bestera zazpi metro zituen pterosauro batenak. Hala ere, aditu askok zalantzan jartzen dituzte paleontologoen zenbakiak. Zenbatespen asko egin dituzte eredua osatzeko. Esate baterako, animalien masa eta humeroaren indarra oso datu eztabaidagarriak dira. Eta, gainera, Wittonek eta Habibek ez dituzte datu guztiak argitaratu. Eztabaida ez da amaitu.