Obuluek isuritako progesterona pizgarri handia da espermatozoideentzat, Alemaniako eta Estatu Batuetako bi ikerketa-talde independentek Nature aldizkarian adierazi dutenez. Obulurantz erakartzen ditu espermatozoideak, eta, harekin elkarrekintzan hasten direnean, isatsa azkarrago mugiarazten die progesteronak; obuluaren azaleko geruza likatsu lodia errazago zeharkatzen dute horrela.
Bi ikertzaile-taldeek ikusi dute espermatozoideetan CatSper deritzon kaltzio-kanalean eragiten duela progesteronak. Hain zuzen, espermatozoideen barrura kaltzioa sartzea eragiten du, eta horrek espermatozoideak hiperaktibo egiten ditu; hau da, isatsa indar handiagoz mugiarazten die. Are gehiago, zientzialariek ikusi dute antzuak izan ohi direla CatSper kanala eratzen duten proteinen geneetan mutazioren bat duten gizonezkoak, espermatozoideak ez baitira hiperaktibo izatera iristen.
Ondorio horietara iristeko, Estatu Batuetako ikertzaileek (Kalifornia Unibertsitatekoak) hainbat egoeratan neurtu zuten espermatozoideen barruko korronte elektrikoa. Izan ere, zelulen mintzaren bi aldeetara gertatzen diren ioi-trukeek, kaltzio-ioienak, kasu, korronte horretan dute eragina. Bada, ikusi dutenez, progesterona gehitzean, handitu egiten da espermatozoideetako korronte elektrikoa. CatSper kanalak blokeatuz gero, berriz, ez da horrelakorik gertatzen. Gainera, pH handiko inguruneetan jarrita --halakoxea izan ohi da obuluen ingurua--, CatSper kanalak hein handiagoan aktibatzen direla adierazi dute.
Alemaniako ikertzaile-taldeak, Europako Azterketa eta Ikerketa Aurreratuetako Zentrokoak, espermatozoideen barruko kaltzio-kontzentrazioa neurtu zuen. Progesteronaren eragina berehalakoa dela ikusi zuten ikertzaile horiek, eta zelulen ohiko seinaleztapen molekularra baino azkarrago gertatzen dela. Horrenbestez, CatSper kanalek progesteronari antzemateko beren bideak dituztela ondorioztatu zuten.