Tximinoak enbrioien faseraino klonatzea lortu du Estatu Batuetako ikertzaile-talde batek. Klonazioa aurrera eramateko, Korean garatutako teknika berritzaile bat erabili dute, eta klonatutako enbrioi horiek tximino emeetan ezarri dituzte. Haurdunaldiek hilabete baino gutxiago iraun duten arren, inoiz ez dira hain hurbil egon primate bat klonatzetik.
Primateak klonatzea ez da lan erraza. Ikertzaile askok urteak eman dituzte tximinoak klonatu nahian emaitza onik lortu gabe. Aurretik klonatutako enbrioiek akats kromosomiko hilgarriak zituzten, eta, ondorioz, zientzialariek uste izan zuten primateak klonatzea ezinezkoa zela. Orain, ordea, lortutako emaitzek ate berri bat ireki diote primateen klonazioari.