Korronte elektrikoa eteteak informazioa galtzea dakar kasu askotan eta, beraz, ez da harritzekoa ordenadoreen erabiltzaileek beldurra izatea. Orain dela gutxi arte Etengabeko Elikadura Sistemaz pentsatzea aparatu handi eta prezio altuaz pentsatzea zen, baina mikroinformatikan egin diren aurrerapenei esker gaur egun prezio onargarrian lor daitezke sistema honen abantailak.
Alcatel/Ibertel-ek PowerCard sistema banatzen du. Hardware-software multzo bat da eta korronte elektrikoa eteten denean informazioa gorde ahal izateko autonomia eskaintzen du. Arazoa konponduta dagoenean, sistemaren softwareak lana berreskuratu eta utzi zen puntu berean berrekiteko aukera ematen du.
PowerCard sistemaren funtzionamendua oso sinplea da. Informazioaren gestioaz arduratzen den programa memorian geratzen da nahiz eta korrontea eten. Horrelakorik gertatzen denean, berak hartzen du sistemaren kontrola, disko gogorrean grabatzen ari zen informazioaren kopia bat ateratzen du eta erabiltzailea programaren zein puntutan zegoen gordetzen du. Gauzak normaltzen direnean, nahikoa da makina berriro abiaraztea; berriro ere PowerdCard-en softwareak hartuko du kontrola, erabiltzaileari informazioaren kopia bat badagoela adieraziz eta berreskuratu nahi duen galdetuz. Ondoren sistemak utzitako lanari ekingo dio berriro geratu zen puntu beretik hasita.
PowerCard-en instalazioa oso sinplea da eta prezioa ez da hain altua, 59.900 pta., eskaintzen duen segurtasuna kontutan hartzen badugu.