Ponpeia suntsitu zenean hildako pertsona baten genoma sekuentziatu dute

ponpeia-suntsitu-zenean-hildako-pertsona-baten-gen
Ponpeiako Casa del Fabbro-n aurkitutako bi banakoak. Horietatik bakarra lortu dute guztiz sekuentziatzea. Arg. Notizie degli Scavi di Antichità, 1934.

Vesuvio sumendiaren erupzio erraldoiak 79. urtean Ponpeia suntsitu zuenean, milaka pertsona hil ziren, eroritako etxeek zapalduta edo sumendiaren errauts toxikoak ittota. Horietako askoren hezurrak harri bihurtuta mantendu dira gaur arte, eta baten arrastoetatik DNA erauzi eta osorik sekuentziatzea lortu dute ikertzaileek, lehen aldiz.

Artisauaren Etxean aurkitutako bi banakoetako bat da sekuentziatu dutena. 35-40 urteko gizonezko bat eta 50 urtetik gorako emakume bat dira, etxeko jangelan, elkarren ondoan azaldu zirenak. Bietatik erauzi dute antzinako DNA, baina gizonezkoarena bakarrik sekuentziatu ahal izan dute osorik. Scientific Reports aldizkariak eman du ikerketaren berri.

Hezurdura aztertuta, argitu dute zenbait saihets hautsita zituela; erupzioaren ondorioz, seguruenik. Eta, DNA aztertzean, Mycobacterium generoko bakterioen DNA-arrastoak azaldu dira. Ondorioz, gizonezkoa tuberkulosiak jota zegoela uste dute ikertzaileek. Erromatar Inperioa zabaltzeak populazioaren dentsitatea handitzea ekarri zuen toki askotan, eta bizimodu hiritar horrek tuberkulosia zabaltzea eragin zuen, endemiko bihurtuta.

Gizonezkoaren genoma Erromar Inperioaren garaian Italiar penintsulan zegoen dibertsitate genetiko handiaren erakusle ere bada. Izan ere, mitokondrioetako DNA eta Y kromosomaren DNA aztertuta ikusi dute gizonezkoak, garai hartako italiarren ezaugarriez gain, bazituela Cerdeña irlako hainbat ezaugarri bereizgarri ere. Ezin izan dute argitu Ponpeiako populazio lokalekoa ote zen edo kanpotik etorritakoa, baina ikertzaileek diote ez zela esklabutzagatik Italia kanpotik ekarritako migratzailea.

Patogenoak eta bizimodua

Vesuvioren erupzioak hildako pertsona askoren hezurrak kontserbatu dira, eta ikertzaileek adierazi dute pertsona gehiagoren DNA berreskuratu eta sekuentziatzeko aukera dagoela. Haien ustez, erupzioan zabaldutako material piroplastikoek oxigeno atmosferikoak eragindako degradaziotik babestuko zuen DNA.

Eskuragarri dauden banakoen genoma sekuentziatzeak garai hartako bizimodua eta historia genetikoa ulertzen lagundu dezakeela uste dute. Areago, odolaren bidez transmititzen ziren patogenoen presentzia detektatzeko aukera ere eman lezakeela diote. Izan ere, PCR-teknikak muga handiak zituen DNA osorik sekuentziatzeko, baina gaur egungo shotgun sekuentziazioak eta egungo beste aurrerapenek genoma osorik sekuentziatzeko aukerak handitu dituzte.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila