Poluzioaren zezenari adarretatik helduz

Mexiko Hirian eguzkia ikustea ez da batere erraza. Laino trinkoek estaltzen dute zerua eta goizean goizetik giroa jasangaitza da. Smog delakoa da erruduna, hots, bazter guztietara hedatzen diren poluzio-multzoak. Egoera kontrolaezin bihurtzen denean, hiri barruko trafikoa eta iharduera industriala mugatu egiten da.

Orain arte ordea, horrek egun gutxitako atsedena baino ez du lortu eta debekua altxatu orduko azaltzen dira berriro laino beltzak. Kaliforniako kimikari-talde baten iritziz, neurri horiek ez dute arazoa zuzen fokatu, trafikoak eta industriak baino kalte larriagoak sorrarazten baititu etxeko kontsumoan erabiltzen den petrolio-gasak. Hori mugatu ezean, ez da eguzkirik ikusiko Mexiko Hirian.

Bertako aire-laginak aztertu eta gero, smog-aren osagai nagusia den ozonoa zerk sortzen duen aztertzeari ekin zioten. Hidrokarburoen eta atmosferako gasen arteko nahasketa ozono-iturri nagusitakoa dela baieztatu bada ere, LPG delako petrolio-gasak ozonoa kantitate handitan sorrarazten duela behatu da.

Mexiko osoan LPG-a elektrizitatearen ordezkotzat erabiltzen dela kontutan hartuz gero, hidrokarburoak baino kaltegarriagoa dela ondorioztatu dute. Petrolio-gasaren kontsumoa murriztea eta horren erabilpena ordezka lezakeen energi iturria ahalbideratzea litzateke irtenbide bakarra. Kimikari horien iritziz, zezenari adarretatik heltzeko bide hori jorratu beharko da Mexikon.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila