ICESat izeneko satelite bat jarri dute orbitan, poloetan zer gertatzen ari den espaziotik ikertzeko. Ikerketa hori beharrezkoa da, azken urteotan jaso dituzten datuetan kontraesan handiak daudelako. Batzuen ustez, poloetako izotza murrizten ari da, eta beste batzuen arabera, berriz, gehitzen.
Baina izotza etengabe mugitzen ari da, eta leku batzuetan urtu eta beste batzuetan pilatzen ari da. Beraz, zein da efektu orokorra? Oso zaila da esaten. Horrez gain, izotz-geruza murriztu ala handitu, oso zaila da aldaketak planetaren berotzearen ondorioa diren ala ez jakitea. Nolanahi ere, itsas maila izotz-kantitatearen araberakoa da, eta eragin handia du planeta osoko ekologian.
Agian, hori guztia satelite batetik behatuta argituko da. Hori uste dute meteorologoek. Horretarako, sateliteak laser bidezko altimetro bat du, lan horretarako erabilitako lehen altimetroa.