Polinizazioa arriskuan dago gizakiak eraldatutako paisaietan

polinizazioa-arriskuan-dago-gizakiak-eraldatutako-
Arg. Boris Mokrovic/Unsplash

Nazioarteko zientzialari-talde batek mundu mailako joera kezkagarria aurkitu du polinizazioari dagokionez. Azken urteetan gaiari buruz egin diren esperimentuen datuak bildu eta aztertu dituzte, eta gizakiak biziki moldatutako paisaietan polenaren eskuragarritasuna dezente mugatuta dagoela ondorioztatu dute.

Nature Communications aldizkarian ohartarazi dutenez, gizakiak lurraren erabileran eragindako aldaketek dakarte arriskurik handiena, bai basa-landareentzat zein intsektu polinizatzaileentzat; gainera, egoerak txarrera joko duela aurreikusi dute.

Mundu osoan egindako 2.247 esperimentutan oinarritu dira ohartarazpena egiteko, 1.247 landare-espezieri buruzko informazioa kontuan hartuz. Nabarmendu dutenez, ingelesez idatzita ez dauden txostenak ere jaso dituzte.

Esperimentu horietan, polinizazioaren eragina kuantifikatzen saiatu dira: landare batzuek intsektuen bidezko polinizazio naturala jaso dute, eta, aldamenean, espezie bereko landareek gizakiak eskuz egindako polinizazio artifiziala jaso dute. Ondoren, landare horiek izaten dituzten haziak neurtu dituzte; batez bestean, lagundutako polinizazioak % 63 handitu du ugalketa.

Diotenez, oso polinizatzaile espezializatuak dituzten basa-landareek dute arriskurik handiena. Hala, ikusi dute nekazaritza zabalduta dagoen eremuetan erle arruntaren (Apis mellifera) ugaritzea gerta daitekeela; baina, aldi berean, horrek beste basa-polinizatzaileen gutxitzea ekar dezake, intsektu horietan oinarritzen diren landareen kalterako. Zientzia-artikulutik kanpoko idazki batean, lehen egile Joanne M. Bennett-ek "denbora-bonbatzat" jo du egoera.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila