Plastikozko gitarra

Gaurdaino, zurezko gitarrak beste materialez ordezkatzeko egindako saiakerek porrot egin dute, egurrak sortutako erresonantzia imitatzea ez baitzen lortzen. Gehienera ere, eredu elektroakustikoetan erabili da plastikoa osagai gisa, musika-tresna horien doinu-akatsak manipulazio elektronikoen bidez zuzen baitaitezke.

Owain Pedley diseinatzaileak ordea, polikarbonatoa erabili du gitarrak egiteko. Gitarraren soinu-kaxaren azala aire-burbuilak dituen polikarbonato hedatuz egina dago; aire-burbuilei esker, kaxak beharrezko duen erresonantzia lortzen da. Atzean berriz, hedatu gabeko polikarbonatozko nerbioak ditu kaxak eta, horrela, beharrezko trinkotasuna lortzen du.

Emaitza, zuraren oso antzeko soinua da. Polikarbonatozko gitarrak injekzioz eraik daitezke gainera. Eskuz egindako zurezko gitarren zatiak elkartzeak lan handia behar du eta polikarbonatozko gitarrak berriz, seriean egin daitezke nahiko modu errazean.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila