Plaketek bideratu dezakete minbizi-zelulen kontrako immunoterapia

plaketek-bidera-dezakete-minbizi-zelulen-kontrako-
Arg. pixabay

Tumore bat kendu ondoren tumore berriak haz ez daitezen, estrategia berri bat probatu dute Estatu Batuetan, plaketak dituena protagonista. Plaketek zaurietan odola koagulatzen laguntzen duten heinean, zauri-guneetarantz jotzeko joera dute, eta hori aprobetxatuz, tumore bat kirurgia bidez kendu eta gero, toki horretan gera daitezkeen minbizi-zelulen aurkako antigorputzak eramateko balio dezakete. Ez hori bakarrik, plaketak odolean dabiltzanez, odolera pasatu diren eta metastasia eragin dezaketen minbizi-zelulak ere ezagut ditzakete.

Ipar Carolinako Unibertsitateko ikertzaileei bururatu zaie estrategia berria, eta ikusi dute eraginkorra dela saguetan, behintzat. Saguei plaketak erauzi, laborategian plaketa horiei mintzean antigorputzak erantsi, eta berriz ere saguei sartu dizkiete odolean. Plaketok, tumore kendu berriaren kirurgia-gunera joan eta antigorputzak askatu dituzte, eta, ondorioz, gorputzaren erantzun immunea hobetzea lortu dute: minbiziaren berragerpena murriztu egin da nabarmen.

Immunoterapiaren zailtasun handienetakoa ebatzi nahi izan dute horrela: antigorputzak toki egokira bideratzea eta zabaltzen ari diren minbizi-zelula higikorretara iristea. Ikertzaileek argitu dute oraingoz saguetan baino ez direla egin probak, eta ikusi beharko dela zer emaitza ematen duten gizakietan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.