Pirinioetako ibaiek gero eta emari txikiagoak izango dituzte, eta urteko emaria % 15 murriztera irits daiteke 2040an, eta % 20tik gora mende amaieran. Horrekin batera, urtarokotasuna gero eta nabarmenagoa izango dela iragarri dute, agorraldi luzeago eta biziagoekin. Horixe da PIRAGUA nazioarteko proiektuan egindako ikerketaren ondorio nagusietako bat.
Ikerketan, Iñaki Antiguedad Auzmendik gidatutako taldeak ere parte hartu du, eta Bidasoako ibai-arroa hartu dute ardatz. Frantzia, Espainia eta Andorrako beste zenbait ikerketa-talde ere aritu dira elkarlanean, eta bi argitalpenetan jaso dituzte emaitzak: Pirinioetako ur-baliagaien egungo eta etorkizuneko egoera aztertzen du batek, eta klima-aldaketara eta ur-baliagaien gaineko eskari hidrikoen aldaketen kudeaketara egokitzeko neurriak proposatzen ditu besteak.
Ibaien erregimen naturaleko emari-datuen azterketak erakusten du adierazle guztien beherakada orokorra gertatu dela azken hamarkadetan. Aldaketa horiek arrazoi klimatikoengatik eta lurzoruaren erabileran izandako aldaketengatik gertatu dira. Bestalde, etorkizuneko proiekzio klimatiko askoz elikatutako simulazio-modeloek erakusten dute datozen hamarkadetan Frantziako isurialdeko ibaien ur-emariek izango dutela beherakada nabarmenena, nahiz eta hegoaldeko isurialdean ere jaitsierak egongo diren, batez ere erdialdean eta ekialdean.
Urtaroei lotuta, simulazioek erakusten dute elur-prezipitazioa nabarmen murriztu dela, eta ur-emarien sorreran elur-urtzeak duen pisu erlatiboa murriztu dela. Bestalde, ur-emariak murrizteko arrazoi nagusietako bat da Pirinioetako lurraldeko urteko tenperatura batez beste igo egin dela (hamarkada bakoitzeko 0,8 °C igo da 1981-2010 bitartean). Tenperaturaren igoera are nabarmenagoa izan da Pirinioen erdialdean eta ekialdean, baita iparraldeko isurialdean ere; eta, urtaroen arabera, igoera nabarmenagoa izan da udaberrian eta udan. Prezipitazioaren analisian, berriz, ez da ikusten tenperaturaren kasuan bezainbesteko aldaketa-seinale sendorik, baina Bidasoaren arroan jaitsiera aurreikusi dute: urtean 30 mm-rainokoak.
Emaitzak ikusita, agerian geratzen da garrantzitsua eta beharrezkoa dela Pirinioetako baliagai hidrikoen kudeaketa klima-aldaketara egokitzea, bai tokian-tokian, bai ibai-arroetan, bai mendikate osoan. Neurrien artean, naturan oinarritutako konponbideak nabarmentzen dira, zerbitzu ekosistemikoak (ekosistema batek gizarteari ematen dizkion zerbitzuak) mantentzera eta are indartzera bideratuak. Funtsezko egokitzapen-neurri gisa, herritarren parte-hartzea sustatzea eta inplikatutako eragile guztiak aintzat hartzea planteatzen da. Bidasoa ibai-arroaren azterketa kasuari dagokionez, lurraldearen antolamenduan eta kudeaketan prozesu hidrologikoei eman beharreko garrantzia hartu da ardatz.
Elhuyarrek garatutako teknologia