Pinu-landaketek kondizio egokiak dituzte bertako basoa garatzeko

pinu-landaketetan-berez-sor-daiteke-bertako-basoa
Arg. EHU

Pinu-landaketetan bertako  zuhaitz-, iratze- eta belarkara-espezieak sartzen dira, inguruan bertako basorik badago.  Hala, lor daiteke pinu-landaketetan bertako basoak berrezartzea, ia esku-hartzerik gabe. Ondorio horretara iritsi da EHUko Paisaia, Biodibertsitatea eta Ekosistemen Zerbitzuak taldea Bizkaiko pinu-landaketetan egindako ikerketa batean. Forest Ecology and Management aldizkarian argitaratu dute egindako lana.

Basogintzak bizi duen krisiak eraginda, pinu-landaketa zahar asko dago Bizkaian. “Horrek aukera eman digu ikusteko nola gertatzen den segida ekologikoa ingurune horietan”,  dio Ibone Ametzaga ikertzaileak. Pinu-landaketen azkeneko urteetan, ez denez ez garbiketarik, ez bakanketarik egiten, inguruan dauden basoetatik iritsitako haziek aurrera egiten dute pinudiek eskaintzen dituzten kondizioetan. “Ikusi dugu batez ere bertako zuhaitzak eta iratzeak moldatzen direla hobekien kondizio horietara”, gaineratu du Ametzagak. Gainera, ikusi dute zenbat eta zaharragoa izan landaketa, orduan eta aberatsagoa dela azpian garatzen den basoa, eta antza handiagoa duela bertako baso mistoekiko.

Hala ere, landaketek 25-30 urte dituztenean, beste neurri batzuk hartu beharko liratekeela nabarmendu du Ametzagak, bertako baso misto aberatsak lortzeko: “Espezieen konposizioa bertako baso mistoenarekin parekatzeko: pinuak kentzen joan, bere kabuz iritsi ez diren espezieak sartu eta abar. Horri esker, epe laburrean bertako basoa sartzea lortuko litzateke”.

Gainera, ikertzaile-talde honek ikusi du bertako basoek askoz ekarpen handiagoa egiten diotela gizartearen ongizateari, pinu-landaketek baino. Nazio Batuen Milurteko Ebaluaziorako Nazioarteko Programa Bizkaian garatu dutenean iritsi dira ondorio horretara. Basoek aisiarako, paisaiaren elementu gisa eta heziketarako duten balioaz gain, elikagaiak eta egurra ematen dituzte, karbonoa atzematen dute, uraren arazketan parte hartzen dute, lurzorua sortzen eta higadurari aurre egiten laguntzen dute, eta abar. Horri dagokionez, bertako basoek “zerbitzu hobea ematen dute, bertoko biodibertsitatea mantendu edo karbono gehiago metatzen baitute.  Gaur egun, ordea, bertako baso mistoak, hau da, haritza (Quercus robur) nagusi duen basoak, “berez izan lezakeen azaleraren % 3 hartzen du bakarrik Bizkaian eta Gipuzkoan” azaldu du Ametzagak.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.