Zientzia-fikzioko gai bat dirudi: urrutiko kontrolez gidatzea pertsonen mugimenduak. Bada, errealitate bihurtu dute Galesko Printzea Institutuko ikertzaile batzuek (Australia). Hain zuzen, begiak estalita zituen pertsona baten ibilera gidatu dute lorategi batean zehar, urrutitik bidalitako seinale elektrikoen bidez. Seinaleak belarri atzean jarritako elektrodo batzuetara iristen dira (kanal erdizirkularretara), eta handik garunera doa agindua. Horrela, ikertzaileak nahi duen bezala gidatzen du boluntarioa.
Sistema ez da berria, baina orain arteko esperimentuetan boluntarioek oreka galtzen zuten. Orain, ikertzaileek frogatu dute buruaren posizioak erabateko garrantzia duela. Izan ere, boluntarioak zerura edo lurrera begira jarriz gero, orekari eustea lortu dute.
Esperimentua oso baliagarria da hobeto ezagutzeko giza espeziaren ezaugarri nagusietako bat, hau da, bi hankan ibiltzea.