Kaliforniako unibertsitate politeknikoko ikasle- eta irakasle-talde batek posibletzat gutxik jotzen zuten balentria egin berri dute: giza indarrez helikoptero bat aireratzea hain zuzen.
Injineruek uste zutenez, helikoptero bat giza indarrez bakarrik aireratzea ezinezkoa zen. Helikopteroa hegan hasteko behar den potentzia, abioi bat hegan jartzeko behar dena baino askoz ere handiagoa da. Helikoptero moderno batek adibidez, zaldi bat behar du 4 kg aireratzeko. Baldintza horietan gizaki bat aireratzeko 25-30 zaldiko potentzia behar da.
Zorionez, behar den potentzia txikiagotzeko bide erraz bat badago: errotorearen gainazala handiagotzea.
Kaliforniarrek beste trikimailu bat ere erabili dute: errotore eusleari zuzenean eragin beharrean, muturretan jarritako bi helize txikiren bidez eragiten diote, (ikus irudia).
Da Vinci III
izeneko helikopteroa 1981.ean hasi ziren lantzen. Errotoreak 30 m-ko diametroa du eta guztira 45 kg pisatzen ditu. Lehenengo hegaldiak joan den azaroaren 12 eta 27an egin ziren Kaliforniako unibertsitate politeknikoaren gimnasioan. Bi eta lau segundoz iraun zuten hegaldiek hurrenez hurren. Abenduaren 10ean eginiko hegaldiak, lehen hegaldi ofizialak, (National Aeronautic Association delakoak kontrolatu zuen) 6,8 segundoz iraun zuen. Dena den, Da Vinci IIIak ezin du kanpoan hegan egin; haizexkarik txikienak ere desorekatu egingo bait luke.
Da Vinci III
ak ez du Igor Sikorsky saria1 lortzerik izango, baina lehen urratsa izango da bederen.
1
Sari honek 20.000 dolar ditu giza indarrez aireratutako lehen helikopteroarentzat. Dena den, 3 m-ko altitudea eta 60 segundoko hegaldia lortu beharko ditu eta 10 m-ko aldea duen karratu baten barnean mantendu beharko du.