Bizkar-muina kaltetuta duten gaixo paraplegikoen sentikortasuna eta funtzio neuromuskularrak hobetzea lortu dute garun-makina interfazeekin denbora luzez entrenatuta. Zortzi gaixorekin egin dute ikerketa, eta guztiek izan dituzte hobekuntza nabarmenak. Scientific Report aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.
Ikerketan parte-hartu duten zortzi gaixoek bizkar-muineko kalte larrien ondorioz 3-13 urte zeramatzaten erabateko paraplegiarekin. Urtebetez aritu ziren entrenatzen garun-makina interfazeekin (BMI, brain-machin interface). Interfaze ez-inbasiboak erabili zituzten: txano batean jarritako elektrodoek jasotzen zituzten garunaren seinaleak. Eta hiru ariketa egin zituzten. Lehenengoan, errealitate birtualeko ingurune batean pertsona baten hiru dimentsioko abatarra mugiarazi behar zuten, euren gorputzaren mugimenduak imajinatuz; eta abatarraren oinek lurra ukitzen zuten bakoitzean ukipenezko feedbacka jasotzen zuten besoan. Bigarren ariketan ortesi robotiko batekin zinta batean ibili behar zuten. Eta, azkenik, garunarekin kontrolatutako exoeskeleto batekin ibiltzean zetzan hirugarren ariketak. Bi ariketa horietan ere ukipen-feedbacka jasotzen zuten gaixoek.
Hamabi hilabeteren buruan egindako azterketa neurologikoek erakutsi zuten gaixo guztiek hobekuntza nabarmenak izan zituztela, bai sentikortasunean, bai muskuluen borondatezko kontrolean. Bizkar-muinean kaltetutako gunetik behera ia batere ukimenik ez izatetik berriz ere izatera pasa ziren, eta batzuk hanketako hainbat artikulazio mugitzera iritsi ziren. Horrez gain, hesteen eta maskuriaren kontrola ere nabarmen hobetu zela ikusi zuten. Hala, ondorioztatu dute mota horretako entrenamendu luzeen bidez posible dela funtzio neurologiko batzuk neurri batean berreskuratzea. Hain zuzen ere, urtebeteko entrenamendu horren ondoren, gaixoen erdien diagnosia erabateko paraplegiatik partzialera aldatu zen.
Ikerketa zuzendu duen Duke Unibertsitateko (AEB) Miguel Nicolelis ikertzaileak aitortu duenez, garun-makina interfazeekin ikertzen hasi zirenean gehienez ere gaixoak exoeskeleto edo gorputzadar artifizialak garunarekin kontrolatuz mugitu ahal izatea espero zuten. “Ez genuen inoiz aurreikusi gailu horiek denbora luzez erabiltzeak hobekuntza neurologikoa ekarriko zuenik”, dio Nicolelisek, Duke Unibertsitateak zabaldu duen prentsa-oharrean.
Ikertzaileen hipotesia da garun-makina interfazeak errealitate birtualarekin, hankak fisikoki mugitzearekin eta ukipen-feedbackarekin konbinatuz bizkar-muinaren eta kortexaren plastizitatean eragitea lortzen dela. “Gaixoek hankak mugitzean, eta zutik ibiltzean, muskuluetako, tendoietako eta artikulazioetako propiozeptoreak kitzikatzen dituzte; eta, horiek bizkar-muinera seinaleak bidaltzen dituzte berriz ere”, dio Nicolelisek.