Palmondo ikusgarria Madagaskarren

Palmondo ikusgarria Madagaskarren
2008/02/01 | Elhuyar
(Argazkia: J. Dransfield)

Madagaskarren duen anakardo-landaketaren inguruan ibilalditxo bat egiten ari zela, palmondo erraldoi bat topatu zuen Xavier Metz frantziarrak: hemezortzi metroko enborra zuen, eta bost metroko diametroko adakera. Harrituta gelditu zen ikusitakoarekin, eta John Dransfieldekin harremanetan jarri zen, Madagaskarko palmondoen gidaliburuaren egileetako batekin. Hura ere harrituta geratu zen aurkikuntzarekin, inoiz ez baitzuen halako palmondorik ikusi.

Madagaskarren inoiz aurkitutako palmondo handiena da. Loreak eta infloreszentziaren adarrak ikusi eta berehala ohartu ziren espezie berri baten aurrean zeudela. DNA aztertu zutenean, ordea, ikusi zuten espezie berri bateko alea ez ezik, genero berri bateko alea ere bazela. Thaina spectabilis izena jarri zioten.

Palmondo berriak, gainera, bizi-ziklo berezia dauka, zurezko landareen artean oso ohikoa ez dena: behin bakarrik loratzen da, eta, ondoren, hil egiten da. Energia asko inbertitzen du loratzean, ehunka lore txikiz eratutako infloreszentzia handi bat garatzen baitu. Eta ez zaio gelditzen, nonbait, bizirik iraun ahal izateko energiarik.

1
239
2008
2
003
Botanika
Berriak labur
4
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila