Zenbait objektu arkeologikoetatik DNA erauzteko metodo ez-suntsitzaile bat garatu dute Anatomia Ebolutiboko Max Planck Institutuan.Izan ere, hezurrez edo hortzez egindako tresnak porotsuak direnez, erabitzailearen izerdia, odola edo listua izan dezakete. Bada, metodo horrekin, erabiltzailearen genoma erauzi daiteke halako tresnetatik, lagina suntsitu gabe. Horrek informazio baliotsua eskuratzeko aukera ematen du.
Horren adibide bat argitaratu dute Nature aldizkarian: Denisova haitzulan aurkitutako zerbido-hortzeko zintzilikario batetik, uapiti baten (orein antzeko baten) eta antzinako gizaki baten DNA berreskuratzea lortu dute, metodo hori erabilita.
Ikertzaileek azaldu dutenez, objektuari berari eta DNAri kalterik ez egiteko, objektua sodio fosfatozko disoluzio batean sartu, eta tenperatura pixkanaka igotzen joaten dira. Horrela, hortz edo hezur zaharrean harrapatutako DNA disoluzioan askatzen da, eta ondoren sekuentziatzeko eta aztertzeko aukera ematen du, baita datazioa egitekoa ere, radiokarbonoaren probaren bitartez.
Horren bidez jakin dute 19000-25000 urte zituztela. Erabiltzailea emakume bat zela zehaztu dute, eta haren ezaugarri genetikoek antzekotasuna dutela Siberian ekialdeago bizi zen beste talde batekoenekin.
Ikerketarekin, egileek baieztatu dute metodoa baliagarria dela objektuetatik erabiltzailea ezagutzeko, eta ondorioztatu tresna baliagarria dela aztarna kulturalak eta genetikoak erlazionatzeko.
Elhuyarrek garatutako teknologia