Paduretako asterra

FITXA TEKNIKOA Paduretako asterra

Oraingoan aztertu behar dugun aster generoa konposatuen familiakoa da. Familia honetan dibertsifikazio-maila oso altua da eta bere baitan 1.000 genero eta 20.000 espezietik gora daude. Oro har, belarkiak izaten dira, baina batzuetan zuhaiskak eta, salbuespen kasuetan, zuhaitz ertainak ere izan daitezke. Infloreszentziak bereizgarriak dira landare honetan (kapituluak) eta bertan, loreak kopuru handitan biltzen dira errezeptakulu bakar batean, brakteaz babesturik eta lore bakar baten itxura hartuz. Loreok hermafroditak dira gehienetan eta batzuetan sexubakarrekoak.

J. Terés

Aster generoari gagozkiolarik, 15 espezie inguru ezagutzen dira Europan eta horietarik 7 Euskal Herrian ditugu. Apaingarri modura oso erabilia denez, gainera, zenbait espezie naturalizatuak ere badaude, jatorriz Amerikakoa den Aster lanceolatus -a, esate baterako.

Aztertzen ari garen asterra landare iraunkorra da, 15-100 cm bitarteko zurtoin indartsu eta adarkatua duena. Hostoak estuak, mamitusak eta ilegabeak dira. 2 cm-ko diametroa duten kapituluak oso ugariak dira eta kanpoaldean ziliodun brakteek korinbo-formako panikula osatzen duten. Kapituluaz kanpoko loreak bioleta edo zuriak izaten dira eta erdialdekoak, berriz, horiak. Uztailetik urrira bitartean loratzen da.

Landare honen habitata itsaslabarrak eta, bereziki, padurak dira eta beraz, nahiz eta eskualde horietan oso arrunta izan, bertara egokiturik daude soilik. Izan ere, habitat horiek ezartzen dituzten bizi-baldintzak oso gogorrak dira (gazitasun-maila oso altua da, esate baterako) eta hori dela medio, landare horiek moldaera oso bereziak garatu behar izan dituzte, horren ondorioz landaretza tipikoa eta espezializatua sortu delarik. Nolanahi ere, baldintza guztiak ez dira itsasoak ezarriak; horiei giza presioak ezartzen dituenak ere gehitu behar zaizkie. Giza iharduerak berebiziko eragina du eskualde horietan eta, tamalez, landaretzaren iraupena bera ere arriskuan jarri du.

Esandakoa biribiltzeko, irakurle, har ezazu kontutan landare hau sendabelartzat ere erabil daitekeela; bereziki, begietako gaixotasunak sendatzeko erabil daitezke asterraren sustraiak.

Familia: konposatuak
Espeziea: Aster tripolium sub. tripolium
Banaketa: itsas lerroan nahikoa arrunta
Habitata: itsaslabarrak eta padurak
Sendabelarra: bai

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila