Ozpin-euli heldu baten garun osoaren mapa egin dute

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

ozpin-euli-heldu-baten-garunaren-mapa-egin-dut
Arg. Tyler Sloan and Amy Sterling for FlyWire, Princeton University, (Dorkenwald et al., Nature, 2024)

Ozpin-euli heldu baten garun osoaren kartografia egin dute: 140.000 neurona eta 50 milioi konexio baino gehiago. Nature aldizkarian eman dute lorpenaren berri, 9 artikulutan. Garunaren funtzionamendua eta garuneko gaixotasunak hobeto ikertzeko balioko du.

Mapa eraikitzeko, Drosophila melanogaster eme baten burmuinetik hartutako 21 milioi irudi erabili dituzte. Eta adimen artifizialeko eredu batekin, irudi horietatik 3Dko mapa bat egin dute. 

300 bat zientzialariz osatutako Flywire taldeak egin du mapa. Ikertzaile batzuek konexioak aztertu dituzte; eta beste batzuek 8.400 zelula-mota baino gehiago identifikatu dituzte, horietatik 4.581 berriak. Bestalde, ikusi ahal izan dute neurona jakin batzuen arteko konexioek nola eragiten duten mugimenduan edo garuneko eskualdeen arteko komunikazioan. 

Datu-base osoa modu irekian eta doan jarri dute, erabili nahi duten ikertzaile guztien eskura.

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila