Ozono-kontuak

Goi-atmosferan ozonoa gutxitzen ari dela egunkaritako berria da, baina behe-atmosferan ozono-kontzentrazioa hazten ari dela inor gutxik daki. C. Brühl eta P. J. Crutzen zientzilarien ustetan behe-atmosferako ozono-kontzentrazioaren igoerak goi-atmosferako murrizketa konpentsatuko du (Geophysical Research Letters, 16, 703-706 orr.).

Horregatik, Lurraren gainazalera iristen den argi ultramorezko kantitateak berdintsu dirau. Fenomeno honen ondorioa, atmosferaren tenperatur profilean ikusiko omen da. Ikerlari hauen eritziz, troposfera (0-10 km) berotu egingo da eta estratosfera (> 10 km) hoztu egingo da.

Troposferan dagoen ozonoari buruzko interesa hazten ari da azken aldian, berotegi-gasa den heinean. Gainera kontzentrazioa asko haziz gero, landareak honda ditzake. Bestetik, ozonoak paper garrantzitsua dauka troposferan gertatzen diren erreakzio kimiko askotan.

Brühl eta Crutzenen arabera, estratosferan gertatzen den ozono-geruzaren galera eta ondorioz pasatzen den gehiegizko erradiazio UMa troposferan gertatzen ari den ozono-pilaketak konpentsatzen du. Beraz, ozono-geruzaren arazoa uste baino konplexuagoa izan daiteke.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila