Orain arteko kalkuluen arabera, planetako arrainen stocka 2.000 milioi tonakoa zen, eta horren erdia arrain mesopelagikoek osatuko lukete, eremu ozeanikoetan 200 metrotik 1.000 metrora bitarteko sakoneran egoten direnak, hain zuzen. Berriki egin duten ikerketa batek, ordea, arrain mesopelagikoak uste zuten baino askoz ere ugariagoak direla erakutsi du: biomasa 1.000 milioi tonakoa izan beharrean, 10.000 milioi tonakoa dela kalkulatu dute.
Kalkulu berri horretan, AZTI-Tecnaliako ikertzaileek parte hartu dute, Xabier Irigoien ozeanografiako doktorearen gidaritzapean. Jakinarazi dutenez, Malaspina espedizioko datu akustikoak eta eredu trofiko bat erabili dituzte kalkulua egiteko, eta ondorioztatu dute arrain horien biomasa lehen kalkulatu zena baino 10 aldiz handiagoa dela gutxienez. Nabarmentzekoa da arrain mesopelagikoak ez direla helburu komertzialekin arrantzatzen.
Bestalde, arrain horiek karbono dioxidoaren eta oxigenoaren zikloan parte hartzen dutela kontuan hartuta, ohartarazi dute berriro ebaluatu beharko dela biomasak ozeanoko ziklo biogeokimikoetan duen rola.
Ikerketaren emaitzak Nature Communications aldizkarian argitaratu dira.