Malaspina 2010 espedizioa Cadizetik abiatu berria da. Diziplina anitzeko proiektua da, eta Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Gorena (CSIC) du buru. Klima-aldaketak ozeanoan duen eragina ebaluatzea eta biodibertsitatea aztertzea dira haren helburu nagusiak.
Mundu osoko ozeanoetako hainbat gunetan jasoko dituzte laginak, ur-azaletik hasi eta 5.000 metrorainoko sakonerara arte. Jasotako lagin guztiekin eta espedizioaren bilakaerari buruzko informazio eta irudiekin Malaspina 2010 bilduma osatuko dute. Espedizioaren arduradunen esanean, "denboraren kapsula" moduko bat izango da; hala, ozeanoen bilakaera aztertzeko etorkizunean egiten diren ikerketek erreferentzia fidagarri bat izango dute.
AZTI-Tecnaliako eta EHUko ikertzaileekin batera, nazioarteko instituzio ospetsuenetako taldeek parte hartuko dute, tartean, NASAk, Europako Espazio Agentziak, eta Kaliforniako, Rio de Janeiroko, Washingtongo eta Vienako unibertsitateak.