Osasuna ihardunaldiak euskaraz

Apirilaren 19 eta 20an VI. Osasun Ihardunaldiak egin ziren Iruñean. Euskara hutsez burutu ziren saioak eta eskualde desberdinetatik etorritako osasun-arloko profesionalak elkartu ziren bertan. “Eritasun kronikoak eta bizi-kalitatea” izenburupean antolatu ziren saioak eta gai interesgarri horren inguruan hausnarketa egiteko abagunea izan genuen. Parte hartzeko modu desberdinak izan ziren: ponentziak, hitzaldiak edota mahainguruak. 50 lan jaso ziren bertan aurkezteko eta, ahozko komunikazio-gisa eta bideo- zein panel azalpen modura parte hartu zutenen aurrean eskaini ziren.

Seigarren ihardunaldia bada ere, Nafarroan lehena izan dela aitortu behar da eta erantzunari dagokionez, uste baino handiagoa izan zela ere bai, zorionez. Hasieran lagun-talde baten asmoa eta ilusio hutsa zenak jende askoren interesa piztu zuen eta oihartzun bikaina izan duela azpimarratzeaz, harro gaude.

Hasierako urratsak hala ere, ez ziren hain errazak izan. Ihardunaldiak Iruñean antolatzeari buruz luze eztabaidatu zen. Arestian esan dugun legez, lehen aldia da Nafarroan horrelako ekitaldirik burutzen dena eta beldur ginen ahaleginaren emaitzaz. Administrazioaren aldetik languntzarik jasoko ote genuen ere galdetzen genion geure buruari, euskara hutsez ihardutea halako handicap handia zela uste baitzen. Zorionez, antolaketari eustea lortu genuen eta behin proiektua onartu eta aurrera ateratzea erabaki ondoren, ate joka hasi ginen.

Ezuste bat baino gehiago izan genuen orduan, itxitzat jo ziren zenbait atetan harrera bikaina egin zigutelako. Dirulanguntzak ezezik, erabateko sostengua ere lortu genuen eta euskaraz aritzeari dagokionez, iritzi ezinhobeak jaso genituen. Osasuna eta euskara uztartzea lortu dugulakoan gaude: gainerako jakintza-alorretan bezalaxe, osasunean ere euskarak bere lekua duela eta landu beharreko esparrua dela esan zitzaigun, guk uste eta frogatu nahi genuenarekin bat eginez.

Behar horretaz oharturik, Lehen Osasun Laguntzarako profesionalen artean egiten ari den lana azpimarratu beharra dago. Talde horretan euskaraz komunikazioak prestatzeko erraztasunik edo ohiturarik ez izatea oztopo handia bada ere, euskara teknikoa ez menperatzea profesional askorentzat pizgarria izan da eta beharrei erantzuteko moduak bilatzeari ekin diote buru-belarri. Bestalde, euskararen alde ematen diren urratsek behar bezalako oihartzuna izatea ere lehentasunezko helburua da talde honentzat. Esate baterako, Nafarroako Osasun Sailak lehen aldiz plazaratu du aurten euskaraz eta gaztelaniaz Osasun Publikoko Aldizkaria eta profesional-talde horrek bere oneritzia eman dio.

Nolanahi ere, badira oraindik aztertu eta jorratu behar diren arloak eta asko dira gainera. Horien artean, Espezialitateen esparrua aipa genezake hemen; ospitaletan eta inguruko arloetan ari direnekin ez da hartu-eman askorik izan eta horretara zuzendu beharko dira ondorengo ahaleginak.

Iruñeako Ihardunaldien ekarpena bitan bil genezake; batetik, osasun-arloan euskaraz dihardugunoi elkar ezagutzeko aukera eskaintzean eta bestetik, esperientziak elkarri adierazteko bide eraginkorra dela frogatzean.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila